XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Begibistakoa zen ez zutela etxe hartan ganbara askotan erabiltzen.

Kartoizko kaxa huts eta makina zaharrez beteta zegoen.

Ez dakit zergatik, baina kartoizko kaxa guzti haiek ikusita, suteren bat sortuz gero hura suziaren antzean erreko zela bururatu zitzaidan soilik.

Elizetako irudi zaharkitu eta baztertuak ere bazeuden bertan pipiak jota eta koadro asko ere bai.

Txoko bat beste guztia baino garbixeago eta txukunago zegoen.

Bazidurien han Manuelek noizean behin lantxoren bat egiteko ohitura zeukala.

Zoruan kartoizko kaxa batzuk zeuden bata bestearen gainean pilatuta.

Manuelek haietako bat hartu eta Patxiri eman zion, ireki eta barruan zegoena ikusi ere egin gabe.

Denok begira gintuela ireki zuen Patxik kaxa.

Bai, hantxe zeuden santuaren sandaliak.

Aita Arangurenek hartu egin zituen.

Aztertu eta ezer berezirik ez zien ikusi.

Lehendabizikoz ikusi nituenean baino hauts pixka bat gutxiago zeukaten, Amaiak jaztean zeozer kendu zielako, baina bestela lehen bezalaxe zeuden.

Haien larrua beti bezain gogorra zegoen.

- Ez diet ba ezer berezirik aurkitzen - esan zuen azkenik fraide zaharrak.

- Ea, utzazkidazu...- eskatu zion Patxik.

Fraide gazteak ere aztertu egin zituen eta ni haren ondo-ondoan nengoenez, hobeto ikusteko aukera izan nuen.